lunes, 6 de marzo de 2017

Garoña Arabarik gabe Ekimenaren Adierazpena


GUZTION ARTEKO BENETAKO KONPROMISOAREKIN GAROÑA ITXI DAITEKE

Testu hau sinatzen dugunok, Arabako jendarte anitzaren parte garen heinean, Araba Garoña Gabe Ekimenerekin bat egiten dugu 2012ko martxoaren 24an Ogeta pilotalekuan aurkeztu zen manifestuari jarraipena emateko. Bertan, 250 erakunde arabar baino gehiagok “arabar ordezkari politiko zein estatuko erakundeei arabar jendartearen gehiengoaren nahia errespetatu zedin hartu beharreko erabakiak hartzeko” eskatu genien.

Gizarte erakunde, sindikatu, auzo elkarte, eta, Arabako kontzejuen elkarlanari esker, gure independentzia eta aniztasunetik, Garoña zentral nuklearraren behin-betiko itxieraren aldeko adostasuna lortu genuen talde politiko guztien aldetik. Zoritxarrez, hitz onak ez dira nahiko izan dugun helburua lortzeko.

2017an, zentrala itxi zela 4 urte igaro direnean, ez teknikoa, ez independientea den Segurtasun Nuklearraren Batzordearen txosten batean onarrituta, PPren gobernuak zentralaren irekiera baimenduko duen aginduaren zain gaude. Egoera honetara ez gara iritsi soilik Alderdi Popularrak izan duen jarrerari esker (berak legedian gauzatu duen aldaketaren ondorioz, behin-betikoa behar zuen itxiera behin-behinekoan bihurtu zuen) edo Segurtasun Nuklearraren Batzordea gobernuaren jarraitzaile bilakatu delako. Arrazoi horiez gain, publikoki zentralaren itxiera aldarrikatzen duten partiduen inplikazio eza dugu, ez baitituzte behar diren baliabideak jartzen itxiera gauzatzeko.

2014an, zentrala berriz zabaltzeko tramitazioari ekin ziotenean, alderdiei, elkarrekin, hainbat ekimen aurrera eramatea eskatu genien (bide legala, europar erakundeei helegitea, elektrizitate hornitzaile aldaketa eta SNEren -CSN- aldaketa). 2015ean, kargua hartu ostean, Arabako Ahaldun Nagusiari erakundeen arteko batzorde bat eratzea ere eskatu genion. Konpromiso gehienak ez dira bete.

Dugun gehiengo sozial eta parlamentarioari balioa eman eta erabakiak hartzeko garaia dela uste dugu. Bere garaian Garoña negoziazio politikoaren ardatz izan zen jarduera luzatzeko, gaur egun beste gai batzuk diren bezala. Negoziaketa mahai gainean Garoñaren itxiera jartzeko konpromiso zehatzerako ordua da. Horregatik Araban ordezkaritza duten alderdi politikoei eskatzen diegu PPren gobernuarekin edozein adostasunera iristeko, Garoña zentralaren irekieraren inguruko ebazpena kontrakoa izan behar dela exijitzeko.

Ekintza politikoan eraginkortasuna eskatzen dugu, eta ez “plazebo efektua” bilatzen duten ekintza hutsak. Estatuko Aurrekontu Orokorrak negoziatzerako orduan, Garoña lehentasunezko gaia izatea nahi dugu, Energia Ministerioarekin zerikusia duen beste edozein negoziazioetan bezala. Aldi berean, balizko zentralaren irekieraren aldeko ebazpen baten aurrean azken muturreraino helegiteak aurkezteko konpromisoa gauzatu beharko lukete.

Arabar herritarrentzat badago marra gorri bat: zentralaren itxiera aldarrikatzen urteak daramatzan jendartearen gehiengoaren hitza errespetatzearena. Guztiok batera lan eginez, garaiz gabiltza oraindik marra hori gainditu ez dadin; arabarrok, martxoko 18an kaleak betetzen, beste behin ere; alderdi politikoak, eskaera honi erantzunez eta beraien lehentasunen artean Garoñaren itxiera jartzen.



Gasteizen, 2017ko martxoak 4

No hay comentarios:

Publicar un comentario